2014/04/26

Goizutrail Urumeako Kronikan: Dani Narbarteri egindako elkarriketa.

  • «Eguraldi polita egiten badu, lasterketa berezia izanen da; besteetatik desberdina»
  • Goizutrail mendi lasterketa izanen da maiatzaren 17an, aurreneko aldiz. Maratoi erdia izanen da, 21,5 km-koa. Mandoegi igo eta
    jaitsi beharko dute partehartzaileek. Dani Narbarte antolatzaileetako bat da eta lasterketaren inguruko azalpenak eman dizkio Kronikari. Izen ematea zabalik dago.
  • GOIZUETA
    2014/04/26 00:00 Larunbata
  • Dani Narbarte. Goizutrail-eko antolatzailea
    Mendian korrika ibiltzea erokeria zen askorentzat orain dela urte batzuk, baina azken aldian mendi lasterketek sekulako arrakasta lortu dute. Herri guztietan antolatzen ari dira eta gero eta gehiago dira parte har­tzen dutenak. Goizuetan ere aspaldian zebiltzan antolatu nahian eta azkenean, aurten eginen da aurreneko aldiz. Hiru larunbat barru izanen da, maia­tzaren 17an. Goizutrail maratoi erdia (21,5 km) izanen da, Man­doegi tontorra igo eta jaitsiz.
    Dani Narbarte da antola­tzaileetako bat eta halaxe kontatu dio Kronikari: «Pendiente zegoen gauza bat zen. Udaletik hasi ziren mendi lasterketa bat antolatu nahian eta mendi lasterketetan ibiltzen garen 4-5 herritar ere beti genbiltzan halako zerbait egin nahian. Hori horrela, martxan jartzea pen­tsatu genuen. Ikusi zen modu horretan ere herriari bultzada bat emanen zitzaiola, jendea herrira ekartzeko balioko zuela. Lehen erokeria zen mendi lasterketa bat egitea eta orain erokeria da ez egitea», dio. 6-7 lagun dabiltza antolatzen: Udalekoak, Umore Onako­ak eta 2-3 herritar.
    Maratoi erdia izanen zela, argi
    Lasterketako ibilbidea zehaztea nahiko erraz lortu zutela azaldu du Narbartek, beste kontuekin omen dago lana: «Lan haundia da: kontaktuak egitea, opariak lortzea, lagun­tzaileak lotzea... Egunean bertan, laguntza asko beharko da. 40-50 bat lagun beharko dira eta herritarrentzat esfortzua izanen da. Hala ere, horrelako ekimenetan herria beti inplikatu izan da, beti egon izan da lanerako prest eta ez dela arazorik izanen iruditzen zait».
    Ibilbideari dagokionez, hala azaldu du: «Nahiko erraz erabaki genuen; hasieran espero baino errazago, aukera pila proposatu baitziren. Hasieratik argi genuena zen, maratoi erdia izanen zela, mendi lasterketetan dabilen jendea erakartzeko. Tontorra erabakitzeko ere, ez zen zaila, Mandoegi eta Loitzate baitira gure bi mendi haundiak. Biak sartzea ere pentsatu genuen, baina oso lasterketa luzea ateratzen zen. Azkenean, bi aukerak probatu eta praktikoena hartu genuen».
    «Oso oso ibilbide polita da»
    Desnibel gogorreko ibilbidea izanen da, 1.500 metrokoa, hain zuzen. «Desnibel dexente dago, baina lasterketa bera, adibidez, ez da Urnietakoa bezain gogorra. Hemen, Man­doegi izanen da egin beharreko tontor bakarra, Urnietan tontor bat baino gehiago igo eta jaitsi behar dira, gorabehera asko ditu, eta gorputzarentzat ez da agian, hain naturala. Normalean ohituta gaude mendi bat igo eta gero jaistera», azaldu du Narbartek.

    «Zona teknikoak badaude, batez ere, Mandoegi inguruan. Bestela, nahiko ibilbide goxoa da. Eta seguru, jendea mendi sentsazioarekin geratuko da»
    Zona teknikoak ere badaudela gaineratu du, batez ere, Mandoegi inguruan. «Bestela nahiko ibilbide goxoa da eta zati txikiren bat kenduta, dena mendia da. Hasierako 200 bat metro eta baserri tarteko 100 metro inguru dira asfalto edo hormigoia. Alde horretatik, seguru, jendea mendi sentsazioarekin geratuko da». Eta benetan ibilbide ederra dela azpimarratu du: «Oso oso ibilbide polita da. Gipuzkoara begira jaisten zara tontorretik eta itsasoa, Aiako Harriak, Larrun... dauzkazu bistan. Eguraldi polita egiten badu, lasterketa berezia izanen da; besteetatik desberdina».
    Zegama-Aizkorri tokatu ez zaienen esperoan
    Zegama-Aizkorri, Euskal Herri­ko mendi lasterketarik ezagunenaren bezperatan izanen da Goizuetakoa, astebete lehenago. Ondorioz, zenbait korrikalarik ez dutela parte hartuko badaki Narbartek, baina espero du Aizkorrikoa tokatu ez zaienak animatzea: «Jende pila apuntatzen da Zegama-Aizkorri egiteko eta gehienak aukerarik gabe geratu dira. Horiek etortzea espero dut».
    Beraz, mendi lasterketetan punta-puntan dabiltzan Jokin Lizeaga eta Uxue Fraile ez dira bertan izanen, besteak beste, baina harremanetan egon dira eta lasterketari bultzadatxo bat emateko prest azaldu omen dira. Asmoen artean dago entrenamendu moduko bat antola­tzea beraiekin, irekia, ibilbidea erakutsiz eta jendea erakarriz.
    Eskaintza berezia, Zubimuxu aterpean
    Lasterketan 150 pertsonek hartu dezakete parte gehienez. Atzora arte, 52 lagunek emana zuten izena. Pixkanaka ari da jendea animatzen. Horren aurrean, halaxe dio Narbartek: «Gustatuko litzaiguke dena betetzea, baina helburua ez da lasterketan jende pila atera­tzea. Jendea etortzea nahi dugu: parte hartzera, anima­tzera, ikustera, eguna pasatzera... Azkenean helburua da, jendea herrira etortzea».
    Herrian ere sortu omen du saltsa pixka bat. «Berez, 4-5 ibil­tzen gara mendi lasterketetan eta dozena bat badira izena ematekoak. Pikea badago, bai», dio.
    Eskaintza berezi bat ere badago kanpotik datorren jendearentzat, Zubimuxu aterpean. 50 euroan dago, bezperako afaria, lo egitea, gosaria eta izen ematea.
    Mandoegi tontorretik ikusteko, primeran
    Karrera ikusteko lekurik onenak zeintzuk diren galdetuta, bi gune aipatu ditu Narbartek: «Errekalkon eta Mandoegi tontorrean izanen da polita ikusteko. Mandoegin gainera, bi bailarak ikusteko aukera dago, hau da, batetik nola igotzen diren eta bestetik nola jaisten diren». Aurrenekoak 2 ordu, 2 ordu azpitik eginen duela kalkulatzen du Narbartek. «Eta punta-puntakoren bat etorriko balitz, ordu 1 eta 40 inguruan».
    Parrandarako ere, aukera
    Goizuetako plazan hasi eta bukatuko da lasterketa eta helmugan, hamaiketakoa ere jarriko dute, sagardo eta guzti. Irekia izango da. Horrez gain, Kintoen eguna izanen da eta parranda egin nahi dutenen­tzat ere giro ederra egonen dela dio Narbartek: «Egun pasa ederra egiteko aproposa izanen da. Mendi lasterketa ikusi eta on­doren parranda pixka bat».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina